XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Linterna itzali nuen eta hantxe egon nintzen, euria arnasten, alboko bide baten bukaeran zegoen argi hori bati begira.

Bazirudien sabai-leiho batetik zetorrela.

Sabai-leihoa garaje batekoa izan zitekeen; garajea Art Huck izeneko gizon batek eraman zezakeen, eta garajearen aldamenean zurezko etxe bat egon zitekeen.

Kokotsa gabardinaren lepoan sartu eta haruntza abiatu nintzen; gero atzera itzuli nintzen bolantearen hagatik baimen-txartela askatzeko, eta txartela poltsikoan sartu nuen.

Bolante azpian beherago makurtu nintzen.

Larruzko hegal baten atzean, eskuineko hankaren azpian, autoa gidatzen noan bezala, ezkutuko konpartimentu bat zegoen.

Bi pistola zeuden barruan.

Bata Lannyrena zen, Eddie Marsen morroiarena, eta bestea, berriz, nirea zen.

Lannyrena hartu nuen.

Nireak baino praktika handiagoa izango zuen.

Pistola gabardinaren barruko poltsiko batean muturrez behera sartu eta alboko bideari heldu nion.

Garajea autobidetik ehun metrora zegoen.

Albopareta huts bat zeukan autobide aldera.

Berehala zuzendu nion linterna.

Art Huck - Auto Konponketa eta Pintaketa.

Irri-karkaraka hasi nintzen; gero aurrean agertu zitzaidan Harry Jonesen aurpegia; irri-karkarei utzi nien.

Garajeko atea itxita zegoen, baina argi-izpi bat zeukan azpian eta argi-zerrenda bat bi orriak elkartzen ziren tokian.

Aurrera jarraitu nuen.

Zurezko etxea hantxe zegoen, aurreko bi leihok argia zutela, pertsianak jaitsita.

Errepidetik nahiko apartatuta zegoen, arbola-sail mehe baten atzean.

Auto bat zegoen etxe aurreko hartxintxarrezko bidexkan.

Autoa ilun zegoen, lauso, baina kupe marroi bat izan behar zuen, Mr Caninorena izan behar zuen.